
Bilboko Erraldoiak Euskal Museora itzuliko dira uda honetan, museoa eraberritze integralaren ondoren berriro ireki ostean. Bilboko herri-kulturako irudi enblematiko horiei eskainitako ohiko erakusketa gaurtik, uztailaren 1etik, irailaren 6ra arte bisitatu ahal izango da.
Aurten, gainera, erakusketa bi gunetan izango da: Euskal Museoko klaustroan eta Bihotz Sakratuaren Plazako Aztarnategian. Bi egoitza horiei esker, Bilboko Erraldoien belaunaldi desberdinak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Izan ere, irudi horiek hiriaren iruditeria kolektiboaren parte dira, eta urtero milaka lagunentzat Aste Nagusiaren etorrera iragartzen dute.
Aztarnategia itxita egongo da uztailaren 25ean eta 31n, eta abuztuaren 15ean, jaiegunak direla eta.
Euskal Museoan Aste Nagusiko ospakizunetan gaur egun parte hartzen duten erraldoiak egongo dira ikusgai; Aztarnategian, berriz, jaietako kalejiratan jada ateratzen ez diren beste belaunaldi batzuetako erraldoiak erakutsiko dira.
Euskal Museoko erakusketa bisitatzeko, museoko sarrera orokorra erosi beharko da, 10 eurokoa. Bihotz Sakratuaren Plazako Aztarnategirako sarrerak, berriz, 3 euroko prezioa izango du.
Sarrera doakoa izango da asteazkenetan Euskal Museoan eta ostegunetan Bihotz Sakratuaren Plazako Aztarnategian. Gainera, Euskal Museoan 18 urtetik beherakoek doan izango dute sarrera; Aztarnategian, berriz, 12 urtetik beherakoek. Era berean, Aste Nagusian, abuztuaren 22tik 30era bitartean, “Bilboko Erraldoiak” erakusketa doan bisitatu ahal izango da.
Erakusketa osatzeko, haurrei eta familiei zuzendutako jarduera-programazio berezia antolatu da bi egoitzetan.
EUSKAL MUSEOKO JARDUERAK
-
“Erraldoiak Dantzan”: Ondalan Konpartsarekin elkarlanean, Euskal Museoak erraldoien eta haien dantzen mundua ezagutzeko parte-hartze tailerra hartuko du. Tailerrak uztailaren 10ean, 17an, 24an eta 30ean, eta abuztuaren 7an egingo dira, 11:00etan. 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago, eta euskaraz izango da.




