Aiko taldeak Gabonetako ohiko erromeria egingo du larunbatean Durangon

Ospakizuna sokadantza batez hasiko da, 13:00etan, Durangoko Andra  Mari elizako arkupean

aiko

BILBO. Aiko taldeak Eguberrietako ohiko erromeria egingo du Durangoko Plateruena Kafe Antzokian larunbatean, abenduaren 10ean, arratsaldeko  17:00etatik aurrera. Halere, ospakizuna goizean hasiko da, musikari  eta dantza maisuen taldeak hainbat ekitaldiren bitartez prestatu  duten jardunaldi zabal batekin.

Eguberrietako dantza-bazkari tradizionala da "dantza egiteko  berezko estilo tradizionala zabaltzen diharduen musikari eta dantza  maisuen kolektibo honen oraingo proposamena", azaldu dute Aiko  taldearen arduradunek.

Ospakizuna sokadantza batez hasiko da, 13:00etan, Durangoko Andra  Mari elizako arkupean. Jarraian, bertaratutakoek kalejira bat egingo  dute, musikaren doinuen arabera dantzatzeko aukera eta guzti, neguko  bazkari erromeriak egoitzatzat erabili ohi duen Plateruena Kafe  Antzokiraino. Jarraian, 14:30ean, txakolina banatuko da  bertaratutakoen artean eta 15:00etan bazkari herrikoia egingo da.

Bazkalostean, Aiko Taldeak 17:00etatik aurrera egingo den erromeria alaituko du, eta 20:00etan Bizkaiko Gaiteroen txanda izango  da. Eguna amaitzeko, Aiko taldea arduratuko da berriro ere musika  jartzeaz, guateke tradizional bat alaitzeko asmoz. Ospakizuna  22:00etarako amaitzea aurreikusi da.

Ospakizuna dantzazale guztientzat zabalik egongo da, eta jada  "garrantzi handiko topaketa bilakatu da euskal dantza herrikoien  zaleentzat, bertan elkartzen baitira ikasitako trebetasunak  erakusteko asmoz, herrietako erromeria tradizionalak gogorarazten  dituen jardunaldi ezin dibertigarriago honen bitartez".

Plateruenan egingo den bazkarirako 20 euro ordaindu behar dira  aurrez, eta horretarako, txartelak Plateruenan bertan eros daitezke  edo bestela dirua sartu Kutxabankeko ES07 2095 0233 1091 1639 0934  kontu zenbakian (titularra Aiko Kultur Elkartea).

Urtea amaitzeko, Aiko taldeak beste hitzordu bi ditu: hilaren  17an, BANDtzaldia Niessen Kulturgunean Errenteriako Musika  Bandarekin, eta 30ean urteko azken erromeria Derioko Baserri  Antzokian.

http://www.deia.com/2016/12/09/ocio-y-cultura/cultura/aiko-taldeak-gabo…-

Deia