Bermeoko Alkartasuna dantza taldeak Euskal Herriko dantzak ikusteko aukera "paregabea" eskainiko du larunbat honetan, uztailaren 15ean, "urteko dantza ekitaldian".

BILBO. Ikuskizuna Bizkaiko herriko Artza frontoian izango da, gaueko 22:00etan, eta sarrera dohainik izango da.
Dantza taldeko arduradunek azaldu dutenez, ekitaldiaren helburua da "herritarrek Euskal Herriko dantza ezberdinak ezagutu ahal izatea, taldeak urtean zehar egindako lana erakustea eta dantza ikuskizunarekin denok ondo pasatzea".
50 dantzari eta musikari inguruk parte hartuko dute ekitaldian. Hasteko, Arabako dantzak izango dira (Ziegoko makil dantza, arbol dantza, jota), eta, ondoren, Gipuzkoako dantzen txanda izango da. Jarraian, Lapurdiko inauteriarekin gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek, fandangoarekin eta arin arinarekin jarraitzeko. Ekitaldia amaitzeko Larrain dantza aukeratu du Alkartasuna dantza taldeak.
Gainera, dantza ezberdinen historia azalduko da, besteak beste, nongoak diren eta nola, noiz eta zergatik sortu ziren. Beraz, "Euskal Herriko ohiturak ezagutzeko eta dantzekin ondo pasatzeko aukera izango dugu Alkartasuna Dantza taldearen urteko ekitaldian".
http://www.deia.com/2017/07/15/bizkaia/costa/alkartasuna-dantza-taldeak…-



