Bilboko Erraldoiak

Bilboko Erraldoiak

Bilboko Erraldoiak Euskal Museora itzuliko dira uda honetan, museoa eraberritze integralaren ondoren berriro ireki ostean. Bilboko herri-kulturako irudi enblematiko horiei eskainitako ohiko erakusketa gaurtik, uztailaren 1etik, irailaren 6ra arte bisitatu ahal izango da.

Aurten, gainera, erakusketa bi gunetan izango da: Euskal Museoko klaustroan eta Bihotz Sakratuaren Plazako Aztarnategian. Bi egoitza horiei esker, Bilboko Erraldoien belaunaldi desberdinak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Izan ere, irudi horiek hiriaren iruditeria kolektiboaren parte dira, eta urtero milaka lagunentzat Aste Nagusiaren etorrera iragartzen dute.

Aztarnategia itxita egongo da uztailaren 25ean eta 31n, eta abuztuaren 15ean, jaiegunak direla eta.

Euskal Museoan Aste Nagusiko ospakizunetan gaur egun parte hartzen duten erraldoiak egongo dira ikusgai; Aztarnategian, berriz, jaietako kalejiratan jada ateratzen ez diren beste belaunaldi batzuetako erraldoiak erakutsiko dira.

Euskal Museoko erakusketa bisitatzeko, museoko sarrera orokorra erosi beharko da, 10 eurokoa. Bihotz Sakratuaren Plazako Aztarnategirako sarrerak, berriz, 3 euroko prezioa izango du.

Sarrera doakoa izango da asteazkenetan Euskal Museoan eta ostegunetan Bihotz Sakratuaren Plazako Aztarnategian. Gainera, Euskal Museoan 18 urtetik beherakoek doan izango dute sarrera; Aztarnategian, berriz, 12 urtetik beherakoek. Era berean, Aste Nagusian, abuztuaren 22tik 30era bitartean, “Bilboko Erraldoiak” erakusketa doan bisitatu ahal izango da.

Erakusketa osatzeko, haurrei eta familiei zuzendutako jarduera-programazio berezia antolatu da bi egoitzetan.

EUSKAL MUSEOKO JARDUERAK

  • “Erraldoiak Dantzan”: Ondalan Konpartsarekin elkarlanean, Euskal Museoak erraldoien eta haien dantzen mundua ezagutzeko parte-hartze tailerra hartuko du. Tailerrak uztailaren 10ean, 17an, 24an eta 30ean, eta abuztuaren 7an egingo dira, 11:00etan. 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago, eta euskaraz izango da.

  • Haurrentzako tailerrak: Uztailaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 11:00etan, Bilboko Erraldoietan inspiratutako sormen-tailerrak egingo dira. Bertan, parte-hartzaileek paperezko Gargantua txiki bat, erraldoi baten txotxongiloa edo Pichichi eta Tomasa bezalako pertsonaia enblematikoetan oinarritutako iman bat egingo dituzte. 6 urtetik gorako haurrei zuzendutako jarduera da, gehienez 15 laguneko taldeekin. Sarrerak 2 euro balioko du. Jarduera euskaraz izango da. Izena museoko webgunearen bidez eman ahal izango da.

  • Tailer irekiak: Uztailaren 8tik abuztuaren 19ra bitartean, asteazken goizero, Euskal Museoko klaustroan sormen-gune ireki bat egongo da haur eta familientzat. “Paperezko erraldoiak” jardueraren bidez, erakusketan inspiratutako irudiak diseinatu eta eraikitzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Jarduera doakoa izango da, ez da aurrez izena eman beharko eta 6 urtetik gorakoei zuzenduta egongo da.

AZTARNATEGIKO JARDUERAK

  • “Zure hatzak erraldoi dira” haurrentzako tailerra: Uztaileko ostegun guztietan, 11:00etan, 6 urtetik gorako haurrek Bilboko Erraldoietan inspiratutako hatz-txotxongiloak egingo dituzte. Jarduera euskaraz izango da, gehienez 15 parte-hartzailerekin. Prezioa 2 eurokoa izango da, eta izena museoko webgunearen bidez edo leihatilan eman ahal izango da.

  • Tailer irekiak: Uztailean eta abuztuan, astearte goiz guztietan, Aztarnategiak esperimentaziorako eta jolas librerako gune bat eskainiko die haurrei eta familiei. “Paperezko erraldoiak” jardueraren bidez, parte-hartzaileek Bilboko erraldoietan inspiratutako beren irudia sortu ahal izango dute. Jarduera doakoa izango da, ez da aurrez izena eman beharko eta 6 urtetik gorakoei zuzenduta egongo da.

Txiki-erraldoi bikote baten zozketa: Euskal Museoak eta Bihotz Sakratuaren Plazako Aztarnategiak “Aurkitu akatsak” lehiaketa antolatuko dute. Bisitariek txiki-erraldoi bikote baten zozketan parte hartu ahal izango dute, horretarako bi egoitzak bisitatu ondoren parte hartzeko txartela bete eta bi guneetako edozeinetan horretarako prestatutako postontzietan utzita.


Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna 2026

Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna 2026Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna Amorebieta-Etxanon ospatuko dute apirilaren 25ean
Eskualdeko dantza taldeak Amorebieta-Etxanon elkartuko dira apirilaren 25ean, Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatzeko. Dantzariekin batera Gerediaga elkarteak koordinatzen du jaialdia, eta udalaren laguntza ere badute. Erakustaldia egiteaz gainera, dantzaren sustapenean eragiten jarraitzea da ekimenaren helburua. 18:00etan dantza saioa eskainiko dute herriko plazan, eta 20:30ean jai-giroak Kittu taldearekin izango du segida, tabernarik taberna.

Amorebieta-Etxanok lehenengoz hartuko du Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna. Horregatik, pozik azaldu da Ainhoa Salterain alkatea prentsaurrekoan. "Lehen aldiz, Amorebieta-Etxanon Ezpatadantzari Eguna ospatuko dugu, gure sustraiak eta euskal kulturaren aberastasuna balioan jartzen dituen hitzordu berezia. Harro gaude gure tradizioak bizirik mantentzen direla eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen direla ikusteaz. Topaketa honek aukera paregabea eskaintzen digu elkarrekin partekatzeko, sentitzeko eta herri gisa dugun nortasuna indartzeko", adierazi du alkateak.

Jaialdia eguneratzen, dantza taldeak indartzeko

Gaur egungo joerak eta egoera soziala kontuan hartuta, jaialdia bera eguneratzen dihardute azken urteotan. Horri esker, anitzagoa eta zabalagoa da, ereduari zein lurraldeari dagokionez. Lehenago merinaldeari lotutako ekimena zena, gaur egun eskualde mailakoa bihurtu da. Izan ere, lehen merinaldeko ezpatadantzari taldeen erakustaldia izan ohi zen, baina, oraingo helburua ez da erakustaldia egitea soilik, sustapen lan aktiboa egitea ere bada. Dantza taldeek indar horren bultzada behar dute, lehengo indarra berreskuratu dezaten. Dantza taldeek sustapen horretan laguntzeko eskatuz jo zuten Gerediaga elkartera duela zenbait urte, eta harremana mantentzeko batzorde iraunkor bat eratuta dute. Plazara ahalik eta dantza talde gehien ateratzeko lana egiten dute, bakoitzaren eredua errespetatuz.

Gerediaga elkarteko Goiatz Pelaezek ekimenaren garrantzia nabarmendu du, dantzaz gozatzeaz aparte kultur ondarearen transmisioa lantzeko ere baliagarria delako. “Gure eskualdeko tradiziozko dantza erakustea eta sustatzea dira antolatzaileon helburuak. Globaltasuna espazioa irabazten ari den gizarte honetan, jarrai dezagun elkarren eskutik lanean, tokiko kultura eta nortasuna plazaren erdira ekartzeko”, azaldu du Pelaezek.

Amorebieta-Etxanoko Udabarri dantza taldeak 60 urte

Durangaldeko herri batzuetan gorde zen ondarea berreskuratu eta sustatzeko asmoz ekin zioten dantza taldeek Ezpatadantzari Eguna antolatzeari 1967an. Iurretan izan zen lehen edizio hori. Urte batzuetako etenaren ostean, 2023an berraktibatu zuten, eta orduantxe batu zen Amorebieta-Etxanoko dantza taldea ekimenera.

Aurten 60 urte bete ditu Udabarri dantza taldeak, eta urte osoan hainbat ekintza antolatu dituzte urtemuga ospatzeko. Beraz, Ezpatadantzari Eguna ere berezia izango da horregatik.

1966an sortu zuten taldea, euskal folklorea berreskuratu, bultzatu eta transmititzeko helburuz. Geroztik, ehunka herritar igaro dira dantza taldetik. Amorebieta-Etxanoko jai zein ekintzetan parte hartzen dute, eta umeei zein helduei erakusten ari dira. Gazte belaunaldi berri bat plazara atera da gainera.

Aurtengo ekitaldien bidez, dantzari izandako guztien ekarpena eta herritarren babesa eskertu gura dituzte.

Apirilaren 25ean parte hartuko duten taldeak

Hamar dantza taldek parte hartuko dute Durangaldeko Ezpatadantzari Egunean, eta euretako batzuek talde bat baino gehiago plazaratuko dute. Hauek dira taldeak:

  • Udabarri, Amorebieta-Etxanotik

  • Iremiñe eta San Lorentzo, Berriztik

  • Kriskitin eta Txoritxu Alai, Durangotik

  • Garaiko Dantza Taldea

  • Iurretako Dantzariak

  • Gazte Alai, Mallabitik

  • Andra Mari, Mañaritik

  • Urduri, Otxandiotik

Dantzariekin batera txistulari talde hauek ere egongo dira, dantzarako doinua ipintzen:

  • Udazken, Amorebieta-Etxanotik

  • Jaizale, Durangaldeko txistularien elkartea

  • Kaleik-Kale, Otxandiotik