Dantza ikastaro batek dantza talde bat sortzera eraman du herritar talde bat. Eskola zaharretan egiten dituzte entseguak eta udako egun bero batean izan gara beraiekaz
2025/10/07 Jon Goikouria Larrabeiti
Dantza ikastaro batetik jaio zen ‘Zaratamoko Dantzariak’ izeneko dantzari taldearen proiektua. Berez, izen hori behin behinekoa bada ere, proiektua sendotzeko eta ikastaroa dantza talde bilakatzeko prozesua martxan dago. Hori dela eta, Uxue Oleagordia (Basauri, 2003) dantza ikastaroko irakaslearekin elkartu gara. Herriko hainbat ekitalditan parte hartu ostean eta dantza ikastaroak izandako harrera ona ikusita, talde berria sortuko dute aurten.
Entseguak ostiralero egiten dituzte Elexaldeko eskola zaharretan eta ateak zabalik dituzte euskal kulturaz janzteko interesa duen edonorentzat. Momentura arte egindako lana @zaratamokodantzariak izeneko Instagram kontuan sareratu dute.
Noiz eta zer dela eta sortu egiten da Zaratamoko Dantzariak taldea? Duela urte eta erdi Untzurbe Elkarteak planteatutako proiektua da honako hau. 2024ko otsailetik ekainera bitartean dantza ikastaroa egin genuen eta harrera oso ona izan zuen. Beraz, proiektuarekin jarraitzea erabaki genuen eta jarduera berriro ekarri genuen irailean, ikasturte osoko ikastaroa egiteko. Berriro ere, dantza ikastaroak emaitza oso onak izan zituen eta gure asmoa ikastaro hartatik dantza talde berri baten proiektuari ekitea izan da.
Zein da zuen erronka nagusia talde modura? Bizirautea eta Zaratamoko antzinako dantzak berreskuratzea, gure kultura zazpi haizetara zabaltzeko.
Trebatutako dantzaria zara, Uxue. Nola heldu zitzaizun Zaratamon dantza eskolak emateko aukera? Alboko herrietan dantza ikastaroak antolatzeko lan eskaintza izan nuen. Euskal kulturgintzaren inguruan ikastaro bat eskaintzeko pertsona bat behar zuten. Zuzenean jarri ziren harremanetan nirekin eta nik baiezkoa eman nien. Azken batean, lau urtekin hasi nintzen euskal dantzetan, eta hori da nire betidaniko pasioa. Beraz, herritarrek erromerietan parte hartzen animatzeko ikastaro bat prestatu nuen. Horixe landu genuen otsailetik ekainera bitarteko ikastaro labur hartan. Ekainean erakustaldi bat prestatu genuen Zaratamon, eta jendea animatuta zegoela eta gero eta jende gehiagok parte hartu nahi zuela ikusita prestatu genuen ikasturte osoko ikastaro osotuago hura.
Nolako ekintzak landu dituzue azken ikastaroan? Ekintza asko landu ditugu: Bostak eta Lauren taldearekin elkarlan polita egin genuen: kontzertu bat eskaini zuten herrian eta hiruzpalau abestitan parte hartu genuen. Inauterietan, Zaratamoko eskola gurekin harremanetan jarri zen eta elkarren artean erromeria antolatu genuen Elexaldeko plazan. Euskaraldiako herriko batzordekideak harremanetan ipini ziren gurekin ere aurtengo ariketa dela eta, Elexaldeko plazan beste erromeria bat antolatzeko. Ekainean, Arkotxako jaiak direla eta, auzoan dantzatzeko gonbidapena luzatu ziguten. Azken batean, dantza ikastaroan herriko auzo askotako eta inguruetako herrietako dantzariak daude eta horien artean Arkotxako bizilagunak daude. Jaietan erakustaldia egiteko proposatu zuten eta hala egin genuen. Ekainaren amaieran kurtso bukaerako erakustaldia egin genuen Elexaldeko plazan.
Agerraldi guztiak Zaratamon egin dituzue. Herritik kanpo dantzatzeko asmorik duzue? Erromeriak egiten dituzten herriko plazetan dantzatzea oso ondo legoke. Horietan parte hartzeko taldetxoa sortzen badugu, animatu eta Basauri, Arrigorriaga edo Galdakaoko dantzaldietan parte hartzeko ez genuke arazorik izango. Ikasitakoa praktikan jartzeko aukera paregabea da herriko erromerietan dantzatzea.
Zuen instagrameko kontuan emakumeak ageri dira dantzan bakarrik. Emakumeei zuzendutako ikastaroa da zuena? Ez. Mutilak egon badaude gure taldean, ikastaroaren hasieratik gainera. Baina gauza bat gertatzen zaie: ez dira ausartzen emanaldietan parte-hartzera. Gurekin ez dira jantzita etortzen erakustaldietara, baina plazan egoten dira. Dantza pare batean parte hartzen dute, baina arropa arruntekin jantzita betiere. Herrian egiten dena herriarentzat egiten dugu. Hau da, herriko edonork hartu dezake parte gure erakustaldietan. Hasieran erromerietan borobilean egiten diren dantza horiek egiten ditugu eta poliki-poliki arkudantza edo makil txikiak bezalako dantzak gehitzen joan gara. Mutilek entseguetan parte hartzen dute baina plazara irtetea beste kontu bat da.
“Herrian egiten dena herriarentzat egiten dugu. Hau da, herriko edonork hartu dezake parte gure erakustaldietan”
Zein da horren arrazoia, beldur eszenikoagatik agian? Ez dakigu. Nik uste dut gutxi direlako. Gainera, arropa jakin batzuk janztea ez omen dute gustuko, agian beren buruak ez dituztelako euskal jantziekin identifikatzen. Hasieran euskal dantzetako jantzi barik egiten genuen dantza eta gero jendea euskal jantzi horiek prestatzen eta plazaratzen joan da. Gaur denok janzten ditugu euskal jantziak. Hala ere, euskal jantziak ipintzera animatzen ez badira ere, modu batean edo bestean dantza egitera animatu egiten dira mutilak.
Zenbatero dituzue entseguak eta nori zuzendutakoak dira? Entseguak ostiralero antolatzen ditugu: 17:00etatik 19:00ak arte egoten gara eskola zaharretan, eta tarte horretan talde bi daude: 17:00etatik 18:00ak artekoa eta 18:00etatik 19:00ak artekoa. Mundu guztiari zuzendutako saioak dira eta ikasturtean zehar inork proba egin gura badu erraztasunak ipiniko dizkiogu. Umeen taldea sortzea gure zereginen artean dago oraindik. Haurrek izena ematen badute ez da arazorik egongo txikien talde bat sortzeko, nola ez!
Adin tarte berezirik dago gaur egungo taldean? Nik esango nuke talde bi bereizi daitezkela adinari erreparatzen badiogu: 23-27 urte bitarteko gazteena eta “amena”, 40–50 urte ingurukoena. Hala ere, badira ere gorputza mugitzeko prest duten amamen adina duten dantzariak ere.
Nolakoa da Udalarekin duzuen harremana? Ikastaroa Untzurbe elkartetik sortu dutenez guk elkartearekin dugu harremana. Hala ere, herrian egindako ekimenekin zein lokala lagatzeko orduan Udalaren laguntza izan dugu lehen momentutik.
Eskualdeari begira eta bertako herrietan dauden dantza taldeak ikusita, zelan ikusten duzue folklorearen osasuna Hego Uriben? Dantza talde nahikotxo ditugu gure eskualdean eta hainbat ekintza antolatzen dituzte. Hego Uriben, izan ere gutxienez jarduera bat antolatzen dute hilero. Dantza talde horiekin harremanetan ipintzea benetan erraza da. Guk, esaterako, ez ditugu txistularirik, eta musikariak behar ditugunean Arrigorriagako dantza taldekoak hurbildu ohi dira. Hego Uribeko dantza taldeekin harremana izatea benetan garrantzitsua da eta egia esateako, erraztasun handiak ipintzen dituzte beren partetik.
“Euskal dantzek gauza ugari erakutsi ahal dizkie umeei eta oso garrantzitsua da euskal kulturarekiko lotura hori mantentzea”
Ni bi dantza taldetan ibili izan naiz eta beste hainbatekin harreman zuzena izan dut, eta eskatu izan didatenean laguntzeko prest agertu naiz beti. Hala ere, konpondu beharreko zenbait kontu badaude ere: dantza talde batzuei askotan laguntza ekonomikoa falta zaie, eta diruz ez bada, Zaratamoko Udalak egiten duen bezala, Udalek erraztasun gehiago eman beharko lizkieke taldeei, lokalak utziz, esaterako. Bestalde, ume eta gazteen arazoa ere hor dago: guraso askok, umeak nagusitzen direnean kirol jakin batzuetara bideratzen dituzte, euskal dantzak alde batera utziz. Euskal dantzek gauza ugari erakutsi ahal dizkie umeei eta oso garrantzitsua da euskal kulturarekiko lotura hori mantentzea: balioak, talde lana…denetarik ikas daiteke bertan.
Behin taldea sortuta, non gustatuko litzaizueke dantzatzea? Herriko hainbat ekimenetan parte hartu nahi dugu, eta ateak zabalik izango ditugu jaietan, ospakizunetan, auzoetako jai txikietan edo Upoko San Segismundo baselizan urtero egiten den festan ere. Herritik kanpora begira, taldean planteatuko genuke eta dantzariak prest egon ezkero bertara joango ginateke. Azken batean, oso aberasgarria da taldea elkartzeko herritik kanpo egiten diren ekitaldietan parte hartzea, beste taldeetako dantzariekin harreman berriak sortuz.
Bizkaiko edo Euskadiko Dantzari Egunetan parte hartuz, esaterako? Oso egun politak izan ohi dira dantzarientzat. Egun horietan bizitzen diren esperientziak zoragarriak izan ohi dira. Batek, daki: agian egunen batean bertan parte hartzeko aukera izan ahalko genuke!
https://geuria.eus/herriak/zaratamo/zaratamo-zaratamoko-dantzariak-uxue-...