LI. "Euskal Herriko DANTZA AGERKETA"

Ostirala, Iraila 15, 2023 - 19:00 to Igandea, Iraila 17, 2023 - 21:00

LI DANTZAA GERKETA 2023Iraila 2023  - BASAURI

Ostirala 15
19.00 Erromeria - Solobarria plaza

Larunbata 16 
19.00 EH Dantza Agerketa - Grupos de Euskal Herria.
Bizkotxalde parkea (si llueve, en el Social antzokia)

Igandea 17 
19.00 Basauriko Dantza taldeak - Grupos de Basauri
Bizkotxalde parkea (si llueve, en el Social antzokia).

Aurten, Basauriko Euskal Herriko Dantza Agerketa bere ohiko formatura itzuliko da, iaz euskal dantza eta folklorearen ikuskizun paregabe honen 50 edizioak modu berezian ospatu ondoren.

2020an eta 2021ean programa eta formatua pandemia-egoerak behartutako mugetara egokitu ondoren, eta 2022an 50. urteurrena ospatzeko edizio berezi bat egin ondoren, ohiko formatu tradizionalera itzuliko gara, hots, hiru egunez jarraian iraileko hirugarren asteburuan.

Horrela, 2023an Basaurin izango dugun ‘LI. EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA’ dantza autoktonoen ikuskizuna irailaren 16an izango da (larunbata), arratsaldeko 19:00etan Bizkotxalde parkean, eta honako talde autoktono hauek hartuko dute parte:

  • Deustuko Andreak (Deustu, Bizkaia)

  • Eltziegoko dantza taldea (Eltziego, Araba)

  • Kezka (Eibar, Gipuzkoa)

  • Aurrera (Leitza, Nafarroa)

  • Ondalan Erraldoien Konpartsa (Deustu, Bizkaia)

Nabarmentzekoa da aurten Eibarko KEZKA taldeak lehen aldiz hartuko duela parte EH Dantza Agerketan, irailaren 8an Santutegian dantzatzen dituzten Arrateko Ama Birjinaren omenezko dantzak eskainiz. Arrateko erromeriara hainbat lekutatik etorritako jendea bildu izan da beti, bai Bizkaitik, bai Gipuzkoatik. Irailaren 8ko ospakizunetan egindako dantzak tradizio bat izan dira aspaldidanik, eta horiek indartzeko asmoz, 2005ean Kezka taldeak Arrateko dantzen errepertorioa osatu zuen1 Ezpata-dantza eta trokeo-dantzarekin.

Irailaren 8an goizeko 11etan urtero egiten den meza nagusian, txistulari, bertsolari eta trikitilariekin batera, dantzariak izaten dira elizako sarreran protagonista: Arrateko ezpata-dantza dantzatzen dute dantzari bakarlariek eta, ezpatak altxatuz, berriz ere kanpora irteten da taldea. Mezaren irteeran prozesio bat egiten da, ezpata-dantzariek Ama Birjinaren inguruan eta aurretik dantzatuz eta ezpatekin zubiak eginez. Itzultzean, dantzariek Arrateko ezpata-dantza eskaintzen diote berriro Ama Birjinari, eta dantzaren ondoren, irudia eliza barrura itzultzen da. Prozesioa amaituta, dantzariek beren errepertorio nagusia erakusten dute zabalgunean: ezpata-dantza osoa eta hiru trokeo-dantza (makil txikiena, makil handiena eta brokel-makilena).

Dantza errepertorioa osatzeaz gain, 2005ean Arrateko Dantzarien Kofradia ere sortu zen, dantzetan parte hartzen duten dantzariek osatzen dutena. Lehenengo urtean 33 dantzari izan ziren ezpata-dantzan, eta gaur egun 100 kide baino gehiago ditu Kofradiak. Kezka taldeko dantzariez gain, urtero Kofradiak beste dantzari eta dantza-maisu batzuk ere gonbidatzen ditu ezpata-dantzan parte hartzera.

Parte hartuko duten gainerako taldeei dagokienez, guztiek errepikatzen dute Basaurin. DEUSTUKO ANDREAK (Deustu, Bilbo). Deustu auzoko emakumeak, dantza-talde jakin batekoak ez direnak, urtero biltzen dira euren soka-dantza entseatzeko eta martxoaren 19an dantzatzeko, mezaren irteeran eta agintarien aurrean. Ohitura hori galduta zegoen eta duela 24 urte berreskuratu zuten. ELTZIEGOKO DANTZA TALDEAK (Eltziego, Araba) Pasacalles, La danza, Cuatro calles, Árbol eta Jota aurkeztuko ditu. Dantza horietan, dantzariak hainbat aldiz aldatzen dira lekuz eta beren trebetasuna erakusten dute zuhaitza irudikatzen duen makila batean koloretako xingolak jarriz, Boboren gidaritzapean. Gerra Zibilera arte, dantza horiek gizonek dantzatzen zituzten, baina gaur egun emakumeak dira “Plazako Ama Birjina”ren omenezko prozesioan egiteko ohiturari eusten diotenak, irailaren 8an. AURRERA taldeak (Leitza, Nafarroa) Ezpata-dantzaren bertako bertsio berezia ekarriko digu, Bizkaikoaren aldean aldaketa gutxi batzuk dituena. Horrez gain, bere Ingurutxoa ikusi ahal izango dugu, Nafarroako dantza sozialik ederrenetakoa. Erraldoiek ere parte hartzen dute ikuskizunean, Euskal Herriko herri askotako jaietan izaten diren pertsonaiak, “dantzarazi” egiten dituztenak eta, beraz, gure folklore tradizionalaren parte direnak. Oraingo honetan ONDALAN taldeko erraldoiak ditugu, Deustuko konpartsa bilbotarra.

Ikuskizunera beste herri batzuetatik etortzeko, Metroa erabiltzea gomendatzen da: 2. linea, ARIZ geltokia, Nagusia-Anbulatorioa irteera. Larunbateko ikuskizunaz gozatzera Basaurira hurbildu ezin direnentzat, ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ 2023 zuzenean emango da internet bidez EH Dantza Agerketa taldearen YouTube kanalean.

JARDUERA OSAGARRIAK:

LI. Euskal Herriko Dantza Agerketaren osagarri gisa, ostiralean, hilak 15, 19:00etan, Basauriko Solobarria plazan, HERRI-ERROMERIA izango da, herritar guztien parte-hartzea –ezagutza-maila edozein dela ere– errazteko pentsatua. Hortik datorkio, hain zuzen ere, erromeriari bere lema: “parte har dezakezu, nahiz eta dantzan jakin ez”. Musika herriko dantza-taldeetako musikari eta kolaboratzaileek joko dute, Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko beste musikari batzuen laguntzarekin. Aldez aurretik (18:30etik aurrera) TAILER batzuk jarriko dira martxan (erraldoiak, txapak, marrazkiak margotzea, zapiak jartzea eta birziklatzeko objektuak erabiliz tresnak egitea) eta txorizo dastaketa sagardoarekin. Erromeria amaitzean, herrian hilero egiten den ‘BASAURI KANTARI’rekin bat egingo dugu.

Larunbatean, hilak 16, edizio honetara gonbidatutako dantza-talde autoktonoek KALEJIRA bat egingo dute 18:00etatik aurrera, SOCIAL Antzokiko atetik hasita Bizkotxalde parkeraino, ikuskizun nagusia bertan izango baita. Ibilbidean zehar geldialdi batzuk egingo dituzte dantza batzuk egiteko, ondoren ikusi ahal izango denaren ‘gosegarri’ gisa.

Igandean, hilaren 17an, Basauriko Euskal Dantzak taldeak (Agintzari, Basauritar eta Edurre) arituko dira, eurak ere 19:00etan eta Basauriko Bizkotxalde parkean. Tamalez, Basaurin ez da bertoko dantzarik gorde, ezta berreskuratu ere. Hori dela eta, hemengo dantza taldeek ezin dute Euskal Herriko Dantza Agerketan parte hartu, baina bai hurrengo egunean, igande arratsaldean, beraiek egindako lana erakusteko.

Euria eginez gero, larunbat eta igandeko emanaldiak Basauriko Social Antzokian izango lirateke (metroa: 2. linea, BASAURI geltokia, Basozelai-Udaletxea irteera). Sarrera doan izango litzateke edozein kasutan ere.

EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA’:

Euskal Herriko Dantza Agerketaren ezaugarri nagusia honako hau da: dantza-talde autoktonoek soilik hartzen dute parte. Horrela deitzen zaie beren herrietako edota eskualdeetako dantzak gorde dituzten taldeei. Talde autoktonoek bertakoentzat esanguratsuak diren egunetan egiten dituzte dantzak (herriko jaiak, inauteriak, etab.). Beraz, Basaurin erakusten diren hainbat dantza jatorrizko lekuetan eta egun berezietan soilik ikus daitezke. Hala ere, jatorrizko herrietan dantza egiteari utzi baldin badiote, dantza horiek egiten dituzten taldeak ere gonbidatu izan ditugu inoiz edo behin.

Euskal Herriko Dantza Agerketa duela 51 urte sortu zen euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak suspertzeko eta ezagutzera emateko asmoz. Beroriek ezagutzeko aukera paregabea da, egun horietan haien herrietara joan beharrik gabe. Gaur egun, ikuskizun honetan parte hartzea pizgarria da talde askorentzat, harrotasunerako arrazoi bat, egindako lana aitortu egiten zaiela ikusten baitute.

EH Dantza Agerketak 51 edizio bete ditu dagoeneko eta dantza-talde autoktonoen erakusleiho izaten jarraitzen du. Hori pozgarria da bai Basauriko udalerriarentzat eta baita antolatzen duten bertako dantza taldeentzat ere. Bere ibilbideari esker, ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ euskal folklore tradizionalaren erreferentzia-puntuetako bat bihurtu da.

ANTOLAKUNTZARI BURUZKO DATUAK:

Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko hiru dantza-taldeek (Agintzari, Basauritar eta Edurre) antolatutako ikuskizuna da, Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eta babesarekin, BBKren, Social Antzokiaren, StarLan-en eta herriko hainbat kolektiboren laguntzarekin (txokoak, Herriko Taldeak, Danbolin Txistulari Elkartea, San Jose Ikastetxea, Bizkotxalde Ikastetxea, Babes Zibila), baita Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eta Bizkaiko Gaiteroak elkartearen laguntzarekin.

Normalean, edizio bakoitza antolatzeko lanek 100 boluntario baino gehiago inplikatzen dituzte. Horiei, aurten ere, geure esker ona adierazi nahi diegu, eta espero dugu hurrengo edizioetan ere laguntza horiek guztiak izatea.

Kolaborazio ugarien artean, Etor Basabe Basauriko diseinatzaile eta ilustratzailearena nabarmendu nahi dugu berriz ere. Izan ere, duela 15 urtetik hona edizio bakoitzeko kartela eta esku-programa diseinatzen ditu. Basauriko ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ren LI. edizio honetarako, parte hartzen duen talde bakoitzeko kartel bana egin du; horrela, bilduma bat egingo da, euskal dantza-talde autoktono guztien ondare historiko gisa. Bereak dira, halaber, ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ ekimenarekin batera ‘ikono’ gisa agertzen diren ‘dantzariak’, baita prentsa-ohar honek goiburuan duen logotipoa ere, urtero antolakuntzaren agiri guztietan agertzen dena.

1 https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/arrateko-dantzak/ar-154404/

SARE SOZIALAK ETA YOUTUBE:

Euskal Herriko Dantza Agerketa elkarteak zenbait kontu ditu sare sozialetan: Instagram (www.instagram.com/eh_dantza_agerketa), ‘X’ '(lehenago Twitter: @DantzaAgerketa) eta Facebook (https://www.facebook.com/Euskal-Herriko-DANTZA-AGERKETA-119781798124085/), gure herriko dantza autoktonoak munduan zehar ezagutzera emateko asmoarekin.

Halaber, gogorarazi nahi dugu emanaldiak urtero grabatzen direla bideoan, bertako dantzen ikus-entzunezko artxibo gisa, eta azken urteetakoak eskuragarri daudela YouTubeko gure kanalean: https://www.youtube.com/channel/UCpEly8k28SSzghyq4oqu2w