"Bost urterik behin partekatzen dugun egun zoragarria da Urrijena"

Urrijena dantza-saio

Dantza-saioa bakarrik ez. Urrijena dantza-saio erraldoi bat baino askoz gehiago da iurretarrentzat. Unai Esturoren berbetan, sei kofradietako kideak batzeko, gazteak zein helduak hartu emanetan egoteko, eta herri dantzariari hainbeste eman dioten bidelagunak omentzeko eguna izaten da. Irudiotan, zapatuko jaialdiko momenturik hunkigarrienak jaso ditugu. (Argazkiak: Txebi Arriaga)

Aurtengo Urrijenan bizitakoa "itzela" izan da Unai Esturo dantzari iurretarraren berbetan. "Dantza-saioaren osteko bazkarian 80 urtetik gorako dantzariak batzea, umeak zein helduak elkarrekin egotea... bost urterik behin partekatzen dugun egun zoragarri bat izan da", azaldu du. Aurten, ohiturari eutsita, 65 urtetik gorako dantzariak omendu zituzten, bakoitzari oroigarri bat emanda. Bestetik, aipamen berezia egiten zieten 80 urtetik gorakoei. "Horiek kalejiraren aurrealdean joan ohi dira, eta betilore erramu bana ematen diegu. Aurtengo kalejiran omenaldian parte hartu duen kiderik beteranoenak 92 urte ditu. Angelin Uribelarrea da bera", jakinarazi du Esturok. Dantzaririk gazteenen artean, berriz, 14 bat urteren bueltako kideak daude. Nerabez osaturiko talde berri bik estreinatu dute Iurretako plaza Urrijenan. 

Plazako erakustaldiaz aparte, aurtengo edizioan Iurretako dantza taldearen alde lan egin duten herrikide bi omendu dituzte. Juanito Gallastegi abadea, batetik, eta, Jon Irazabal, bestetik. Gallastegik ezin izan zuen Urrijenan parte hartu eta haren loba batek irakurri zuen Gallastegik jaialdirako beren-beregi prestaturiko idatzia. Jon Irazabal historialaria abuztuan hil zen, eta urte hauetan guztietan Iurretako dantza taldearen alde egindako lana eskertu zioten dantzariek. Haren anai-arrebek jaso zuten Joni eskainitako oroigarria. 

Bost urte barru gehiago

Urrijena amaitu da aurtengoz, baina bost urte barru ostera ere bueltatuko da iurretarrek hainbeste kariñoz bizi duten eguna. "Izan ere, Iurretan dantzariak inportanteak baldin badira, hori herritar guztiei eskerrak da. Herritarrek, ikusle legez daudenek egiten dute Urrijena posible. Zapatuan jende pilo bat egon zen plazan dantzariak ikusten. Dantzarako sena badugu, bai, baina herritarrak dira horri errekonozimendua eta prestigioa ematen diotenak", azaldu du Esturok. 

https://anboto.org/iurreta/1728918339106-argazki-galeria-bost-urterik-be...

anboto.org
Ostirala, Azaroa 15, 2024