Aurten 60. urteurrena ospatzen du Ibarra-kaldu elkarteak, eta ospakizunen artean, datorren maiatzaren 2an, larunbata, ikuskizun berezi-berezi bat gozatu ahal izango dute barakaldarrek, izan ere, Kataluniatik berariaz etorrita bene-benetako “colla casteller” bat izango baitugu gure udalerrian, bere trebetasuna erakusten, Gironako “Marrecs de Salt” taldea, hain zuzen ere.
Hainbat plazatan osatuko dituzte euren giza gaztelu ikusgarriak, eta kalerik kale ere ibiliko dira, kalejiran, ibilbidean Barakaldoko udal erraldoiak lagun izango dituztela, Pauli, Jose, Maialen eta Arnabal, Ibarra-kalduko lagunek dantzaturik.
Goizeko 11:00eta hasiko dira, Beurko-Bagatzako Xake plazan, erraldoiak dantzatuz eta lehendabiziko “castell” edo gaztelua osatuz.
Ondoren, kalejira abiatuko da, erraldoiak buruan dabiltzala, bidea irekiz, Bide Onera plazaraino, eta hantxe bertan, 13:00etan, bigarren gaztelua osatuko dute.
Horren ostean, bazkaldu eta indarberritzeko atsedena hartutakoan, ekitaldi nagusia egingo da, Herriko Plazan 18:00etan. Orduan, udal erraldoiek dantza egin eta gero, gaztelu nagusia osatuko dute Marrecs de Salt taldekoek. Baina, ez dira bakarrik arituko Gironako lagunak, zeren bertoko “Euskal Herriko Casteller Taldea” ere izango baitugu parte hartzen. Talde bien artean “diada” bat eskaniko dute, casteller taldeen ohiko ikuskizuna, eta, hala, ariketa desberdinak eginez hainbat dorre eta zutabe eraikiko dituzte taldeok, nork bere kasa baita elkarrekin ere.
Gogotsu gaude, irrikan, barakaldarrak ikuskizuna gozatzen eta bertan parte hartzen animatuko direlakoan. Zuen zain gaude!



