Zazpi taldek egingo dute dantzan Lekeitioko Umeen Euskal Jaian

Ateatik irtengo dira dantzariak, kalejiran, 12:00etan. Dantzaldiak egingo dituzte Talan eta Plazan.

Etorkizuna dantza taldeko dantzariak Independentzia plazan dantzan. Argazkia: Lekeitioko Udala Etorkizuna dantza taldeko dantzariak Independentzia plazan dantzan. Argazkia: Lekeitioko Udala

Umeen Euskal Jaia ospatuko da zapatuan [apirilak 13] Lekeition. Guztira zazpi taldek egingo dute dantzan, aurten hamargarrenez egingo duten jaialdian. Herriko Etorkizuna dantza taldeagaz batera Amorotoko Arta Nagusik, Markina-Xemeingo Zerutxuk, Erandioko Goialdek, Ermuko Txindurrik, Basauriko Edurrek eta Bilboko San Inazio auzoko Goierrik egingo dute dantza.

11:00etan elkartuko dira 244 dantzari inguru Atea kalean, eta 12:00ak aldera kalejiran abiatuko dira Talaraino Itxaropena txistulari taldearekin batera. Lehenengo geldialdia Talan egingo dute dantzaldia eskaintzeko, eta bigarren alardea plazan izango da. Dantzari dantza, Bizkaiko arku dantza, umeeen korroko dantzak, Sardinerak eta Gorulari dantzatuko dituzte besteak beste, 5 urtetik 16 urtera bitarteko neska-mutilek.

Ohi den modura, Lekeitioko elkarteetan bazkalduko dute kanpoko dantzariek, herrikoekin batera, eta 17:00etatik 20:00etara plazan egongo den erromerian dantzatzeko aukera edukiko dute ondoren.

Umeen Euskal Jaia bi urtetik behin ospatzen da Lekeition; hala, 20 urte dira jaialdia ospatzen hasi zela.

https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/2019/04/11/zazpi-taldek-egingo-d...

hitza.eus
11 Abril 2019