EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA - BASAURI

44. E.H. Dantza Agerketa

EH Agerketa 2016“Euskal Herriko Dantza Agerketa” bere 44. ediziora helduko da hiru berritasun esanguratsurekin irailaren 16tik 18ra, ostiraletik igandera, BASAURIn

• IZURTZAko “MENDIGAIN” talde bizkaitarrak lehenengo aldiz hartuko du parte ‘EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETA’ burutu izan den 44 urteetan.

• Basaurira etorriko diren SEI DANTZA-TALDE AUTOKTONOen ikuskizuna osatzeko, LEKEITIOko “ESTUDIANTINA” ere izango dugu, dantza ez den beste agerpen folkloriko baten erakusgarri.

• Kartel bakarra egin ordez, ETOR BASABEk aurtengorako sei kartel ezberdin diseinatu ditu, Basaurira irailaren 17an etorriko diren dantza-talde autoktonoak irudikatuz: Etorkizuna (Lekeitio, Bizkaia); Indarra (Vitoria-Gasteiz, Araba); Oinatz (Oñati, Gipuzkoa); Idauze-Mendiko dantzariak (Idauze-Mendi, Zuberoa); Danzantes de San Lorenzo (Iruña-Pamplona, Nafarroa) eta arestian aipatutako Mendigain (Izurtza, Bizkaia).

2016_CartelesAgerketaBasauri, 2016ko irailaren 12a.- Euskal Herriko Dantza Agerketan dantza-talde autoktonoek hartzen dute parte. Horrela deitzen zaie beren herrietako edota eskualdeetako dantzak gorde dituzten taldeei. Talde autoktonoek bertakoentzat esanguratsuak diren egunetan egiten dituzte dantzak (herriko jaiak, inauteriak, etab.). Horixe da, izan ere, haien ezaugarri nagusia. Beraz, hemen erakusten diren hainbat dantza jatorrizko lekuetan eta egun berezietan soilik ikus daitezke. Hala ere, jatorrizko herrietan dantza egiteari utzi baldin badiote, dantza horiek egiten dituzten taldeak ere gonbidatu izan dira inoiz edo behin Basaurira.

Euskal Herriko Dantza Agerketa duela 44 urte sortu zen euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak suspertzeko eta ezagutarazteko asmoz. Horrela, beroriek ezagutzeko aukera izan daiteke, egun horietan haien herrietara joan beharrik gabe.

Basauriko ‘Dantza Agerketa’ aire zabalean izan ohi da, jatorriz ere dantzak plazetan, kaleetan eta elizpeetan egiten baitziren. Euskal Herriko Dantza Agerketak ohitura horiek beren inguruan kokatzen laguntzen du, tradiziozko erritu eta dantzen antzezpena argiz eta dantzarien herrietako argazkiz hornituz, era horretara ikuskizun koloretsu paregabea eskainiz.

Dantza Agerketaren historia, esanahia eta zentzua Omer Oke-k egindako dokumental batean jaso ziren (laburpen bat ikus daiteke http://www.youtube.com/watch?v=IeGf9bS_Amk helbidean).

Euskal Herriko Dantza Agerketaren XLIV. edizio hau 2016ko irailaren 16tik 18ra bitartean burutuko da. Emanaldi nagusia larunbat arratsaldean izango da, irailak 17, Bizkotxalde parkean (euria eginez gero, Social Antzokira eramango litzateke). Ekitaldi guztiak doan dira.

LARUNBATA, IRAILAK 17. Honako hau da aurtengo emanaldi nagusiaren egitaraua:

18:00 Kalejira. Parte hartuko duten dantza-taldeak kalez kale joago dira Social Antzokitik Bizkotxalde parkeraino, hirigunearen erdialdean dantza-saio laburrak eginez.

19:00 DANTZA-IKUSKIZUNAren hasiera, Bizkotxalde parkeko agertokian, ondorengo taldeekin:

• MENDIGAIN (Izurza, Bizkaia). Mendigain taldeko dantzariek Durangaldeko Dantzari Dantzaren Izurtzako aldaera ekarriko digute lehenengo aldiz Basaurira. Dantzetan erabiliko duten banderak esanahi berezia du Izurtzako herriarentzat; izan ere, 1859ko jatorrizkoaren kopia da, ordukoa Gerra Zibilean galdu baitzen.
• ETORKIZUNA (Lekeitio, Bizkaia). Lekeitiarrek San Pedro egunean euren herrian urtero egiten dituzten bi dantzak erakutsiko dizkigute: Eguzki-dantza (edo emakumeen Aurreskua), dantzariak krabelin eta mantoiekin jantzita, eta Kaxarranka ikusgarria: zortzi marinelek Arrantzaleen Kofradiaren kutxa daramate lepo gainean eta kutxa edo “kaxa” horren gainean dantzatzen da.
• INDARRA (Vitoria-Gasteiz, Araba). Galdutako ohitura zahar baten birsorkuntza aurkeztuko dute: Gasteizko Zortzikoa. Aspaldian zortziko bat dantzatzen zen Andre Mari Zuriaren egunean, alkate jauna buruan zela. Bertsio berritua Indarra taldeak 1987an aurkeztu zuen estreinako aldiz eta 2003tik hona nahi duten dantzari guztiek hartzen dute parte.
• OINATZ (Oñati, Gipuzkoa). Gorpuzti egunean egiten diren dantzak erakutsiko dituzte. Korpus dantzak elizan egiten dira goizean, aldarearen aurrean, eta hiriko plazan arratsaldean. Azkenean zehaztasun handia eskatzen duen Arku-dantza azkar bat dantzatzen dute dantzariek. Agian pixka bat aldatuta iritsi zaizkigun arren, egiaztatuta dago dantza hauek 1500. urtean dantzatzen zirela.
• IDAUZE-MENDIKO DANTZARIAK (Idauze-Mendi, Zuberoa). Idauze-Mendiko dantzariek Xiberoko dantzei eutsi eta urtero ematen dituzte, baita Maskarada antolatzea ez dagokien urteetan ere. Inauteri garaiko dantzak ekarriko dizkigute: Barrikada-Arribada, Ostalersa, Buhameak, Kautere dantza… eta hain zail eta ikusgarria den Godalet dantza (“edalontziaren dantza”). Halaber, Xorrotxek kantatutako bertsoren bat ere entzun ahal izango dugu.
• COFRADÍA DE LOS DANZANTES DE SAN LORENZO (Iruña-Pamplona, Nafarroa). : Iruñean aspaldi-aspalditik eta XVIII. mendera arte jainkoren baten omenez egiten ziren dantzetan oinarriturik, 1997. urtean dantzari batzuek zenbait dantza aurkeztu zituzten: Habanera, Palos, Lairón, Fagina… Harrezkero, urtero egiten dira dantza hauek abuztuaren 10ean (San Lorentzo egunez), baita San Fermin egunean eta Gorpuzti egunean ere XIX. mendean egiten zen antzera. Gizonezkoek egindako dantza hauek erritmo bizia dute eta hainbat tresna erabiliz egiten dira: kriskitinak, ezpatak, brokel edo ezkutu txikiak, makilak, arkuak...
Horrez gain, LEKEITIOko “ESTUDIANTINA” ere izango dugu lehenengo aldiz Basaurin. Lekeitiar batzuek osatutako talde hau inauterietako igandean irteten da eta herri-kantak abesten dituzte zenbait musika-tresnaz lagunduta (esku-soinuak, gitarrak, bandurriak…). Dokumentu batzuek adierazten dutenez, XIX. mendaren amaieran bazegoen Lekeition estudiantina bat. ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ nagusiki dantza-ikuskizuna den arren, geure folklorearen aniztasuna, geure kultur ondarearen aberastasuna azaltzeko era ezberdinak erakusten ere saiatu gara azken urteotan.

BESTELAKO EKINTZAK:

2016_CartelesAgerketaIRAILAREN 16A, OSTIRALA:
‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ beste zenbait ekintzaz osatzen da urtero, horrela herritarrek gure folklorea hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten. Irailaren 16an, ostirala, herri erromeria izango da 19:30etatik aurrera Solobarria plazan. Antzinako erromerietako izpirituari jarraitu nahian, “parte har dezakezu, nahiz eta dantzan jakin ez” lemapean, San Migel aldean aspaldian egiten ziren erromeriak ekarri nahi ditugu gogora. Herriko dantza-taldeetako musikari eta laguntzaileek hartuko dute parte eta, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzaz, herri-dantzak erakutsiko dituzte. Dantzak bereziki prestatuak izango dira ikusleek ere parte har dezaten.
Aurretiaz, 19:00etan hasita eta jai giroa sortzeko asmoz, zenbait tailer izango dira (birziklatutako objektuez egindako musika-tresnak taxutu, txapak eta erraldoitxoak egin, orri-markatzaileak...) baita sagardo eta txorizo dastatzea ere.

IRAILAREN 18A, IGANDEA:
Basauriko bertako dantzarik ezagutzen ez denez, herriko dantza-taldeek ezin dute parte hartu Euskal Herriko Dantza Agerketa emanaldi nagusian. Hala ere, larunbateko jaialdiaren osagarri gisa, biharamunean (igandean, hilak 18) Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza-taldeek beraien errepertorioko zenbait dantza erakutsiko dituzte Bizkotxalde parkean bertan, 19:00etatik aurrera.

ANTOLAKUNTZARI BURUZKO DATUAK
Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko dantza-taldeek antolatzen dute Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta diru-laguntzaz. Horrez gain, BBKren eta herriko zenbait erakunderen laguntza ere jasotzen da (txokoak, Herriko Taldeak, Danbolin Txistulari Elkartea, Sustraiak, San Jose eta Bizkotxalde Ikastetxeak…), baita Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarena ere. Ekitaldiaren antolakuntza-lanetan, orotara, 100 boluntario baino gehiago ari dira.

• Laguntza guztien artean bereziki nabarmendu nahi dugu Etor Basabe Basauriko diseinatzaile eta irudigilearena. Izan ere, bera baita urtero-urtero, duela hamar urte baino gehiagotik hona, edizio baliotzeko horma-irudiak eta esku-programak diseinatzen dituena. ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ren antolatzaileok Etor ezagutzen genuen herriko talde bateko dantzaria izan zelako (Basauritar) eta, jaietako Edurre taldeko partaidea ere izanik, lonjaren apainketan bete-betean inplikatu zelako. Dantza Agerketaren irudia bultzatzeko egiten dituen proposamenen bidez dantzaren alde ezberdinak islatzen saiatzen da. Horretarako, interesgarriak iruditzen zaizkion argazkietatik eta ilustratzaileengandik hartzen ditu ideiak.

Aurtengorako, horma-irudi bakarra egin beharrean, SEI kartelen bilduma egin du Etorrek, ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ren XLIV. edizio honetan Basaurin izango ditugun sei dantza-taldeen janzkera tradizionalak jasotzeko asmoz.
Bereak dira, ‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ren irudi bihurtu diren ‘dantzariak’, baita urtez urte ekitaldi honen antolakuntzak erabiltzen dituen dokumentu guztietako logotipoa, prentsa-ohar honen goiburukoan ere baduzuena.

MILA ESKER, ETOR! – MILA ESKER DENOI!

 

Euskal Herriko Dantza Agerketan dantza-talde autoktonoek hartzen dute parte. Horrela deitzen zaie tokian tokiko dantzak gorde dituzten taldeei. Talde autoktonoek esanguratsuak diren egunetan egiten dituzte dantzak: herriko jaiak, inauteriak... Horixe da, izan ere, haien ezaugarri nagusia. Beraz, Euskal Herriko Dantza Agerketan erakusten diren hainbat dantza jatorrizko lekuetan eta egun berezietan soilik ikus daitezke. Alabaina, jatorrizko herrietan dantza egiteari utzi baldin badiote, dantza horiek egiten dituzten taldeak ere gonbidatu izan dira inoiz edo behin Basaurira.

Euskal Herriko Dantza Agerketa euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak suspertzeko eta ezagutarazteko asmoz sortu zen. Horrela beroriek ezagutzeko aukera ere izaten du jendeak, egun seinalatu horietan euren herrietara joan beharrik gabe.

Ikuskizuna aire zabalean izan ohi da, jatorriz ere dantzak plazetan, kaleetan eta elizpeetan egiten baitziren. Halaber, tradiziozko erritu eta dantzen antzezpena argiz eta dantzarien herrietako argazkiz horniturik, ikuskizun koloretsu eta paregabea eskaintzen du Euskal Herriko Dantza Agerketak.

Urteroko topaketa hau Basauriko Bizkotxalde parkean izaten da iraileko hirugarren asteko larunbat arratsaldean; euria izanez gero, Social Antzokira eramaten da. Edonola ere doan da ikuskizuna. Bestalde, egitaraua musika eta dantza tradizionalekin lotutako ekintza eta jarduerez osatzen da: tailerrak, erromeria, herriko dantza-taldeen emanaldia…

Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko dantza-taldeek antolatzen dute Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta diru-laguntzaz. Horrez gain, BBKren eta herriko zenbait erakunderen laguntza ere jasotzen da: txokoak, Herriko Taldeak, Danbolin Txistulari Elkartea, Sustraiak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra. Aurtengo edizioaren antolakuntza-lanetan, orotara, 120 pertsona baino gehiago ari dira.

2014. Dantza Agerketa