Kalejira bategaz hasiko dute hitzordua, 19:30ean Josu Murueta plazan. Hortik, pertsonaiak Astrabuduko kaleetatik Mendiguren plazara arte joango dira, 20:00etan, Astrabuduko hezeguneko txorietan inspiratuta dagoen ikuskizunari hasiera emateko. Antzerkia eta dantza euskaraz bateratzen dituen inauterietako ekitaldi paregabe hau bakarra da Euskal Herrian eta hainbat pertsonaia, dantza, mozorro eta bitxikeria bateratzen ditu. Gainera, ikuskizuna bukatzean, Akerbeltz taldearen erromeriak hartuko du txanda, 22:30etik aurrera.
Aurten, ikuskizuna ezberdina izango dela ere aurreratu dute antolatzaileek, Kina hegaztiak urteroko migrazioan Astrabuduko hezegunean egin duen geraldian dena kutsatuta, ilun eta zikin aurkitu baitu. Gainera, bakarrik dago, baina Basanderek, jentilen, sorginen eta druiden laguntzagaz, lurra nola sendatu erakutsiko dio, hezeguneak bere edertasuna eta bizitza berreskuratu dezan.
© TRABUDU DANTZARI TALDEA
Trabuduko partaideen dantza eta musikaren bidez hezegunea bere onera bueltatuko dute, eta ikuskizuneko hiru pertsonaiek euren mezua zabalduko dute: Lertxuntxo, ingurumenaren ikurra da; Txindorrak, euskara irudikatuko du eta Dantzxorik, tradizioa, jaia eta alaitasuna.
Gainera, aurten ikuskizunak Erandiotik salto egingo du eta Trabudu Dantza Taldeko kideak Baionara ere joango dira hilaren 25ean Dantzxori ikuskizunaren parte bat bertara eramateko. Taldeko arduradunek azaldu dutenez, beste leku batzuetan ere ikuskizunarekiko interesa azaldu dute, eta baliteke Iruñan ere ikuskizuna eskaintzea.
https://hiruka.eus/erandio/1676551525838-dantzxorik-hegoak-astinduko-dit...