Euskal kultura, tradizioa eta euskara oinarri hartuz egiten du lan egunez egun Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak. Aurten, mende erdi betetzen ditu dantza talde herrikoiak, eta orain arteko bideagaz harro agertu da zuzendaritza batzordea. Dantzaz harago dagoena lehen lerroan jarriz, familia bat osatu dutela diote. Dantzaren eta herrigintzaren koordenatuetan mugituz, bidea egiten jarraitzeko asmoa daukate, eta erritmoak luzerako emango du oraindik.
Argazkia: Alkartasuna Dantza Taldea.
Ainhoa Astarloa Beotegi | Bermeo 2026/05/15
Jakina da dantzatzen duen herria inoiz ez dela hiltzen. Hori sobera dakite Bermeon. Aurten mende erdia beteko du Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak. 50 urtez dantzatu dute herriagaz, eta orain, lanaren uzta jasotzen ari dira. Domekan, Bizkaiko beste dantza taldeekin partekatuko dute urteurren ospakizuna.
Belaunaldi ugari igaro dira taldearen entsegu, bidaia eta ekitaldietatik, eta denboraren poderioz, herriko kultur panoramaren erreferente bihurtu da. Urteurren biribil horren aitzakian, zuzendaritza batzordeko kideek taldearen ibilbidea, egungo egoera eta etorkizunari begirako erronkak dituzte hizpide.
Alkartasuna Dantza Taldearen jatorria xumea izan zen. 1976an, Bermeoko institutu zaharrean, mutil kuadrilla bat elkartu zen, ikasketa bidaiarako dirua lortzeko ekitaldi bat prestatzeko asmoz. Gehienek ez zekiten dantzan, baina egoera hark ustekabeko bidea zabaldu zien: dantzan ikastekoa, euskal kulturarekin bat egitekoa, eta urteen joanagaz herrian egonkortuko zen taldea sortzekoa.
Orduan ezagutu zuten Patxi Beitia, Eibarko Klub Deportiboan dantzak erakusten aritutakoa. Harekin hasi ziren dantzan ikasten, eta berehala argi geratu zen taldeak aurrera egiteko emakumeak ere behar zituela: «Esan zigun ezinezkoa zela dantza talde bat sortzea, emakumerik gabe». Neskak taldera gonbidatu, eta Alkartasuna Dantza Taldea sortu zen. Izena bera ere Beitiak berak jarri zuela aipatu dute, gizon-emakumeen arteko elkartasuna azpimarratzeko.
Urte hauetan guztietan taldea asko aldatu dela diote kideek. Hasieran, Beitia zen dantzak zekizkien bakarra, eta gainontzekoek pixkanaka ikasi zituzten. Egun, dantzak ikasteko aukerak asko zabaldu dira; sare sozialen bidez ikas daitezke, eta dantzen estiloak beraiek ere aldatu egin dira.

Argazkia: Alkartasuna Dantza Taldea.
Aldaketa horien aurrean, taldeak gizartearekin batera moldatzen jakin du: «Gizartearen etengabeko aldaketara egokitu gara, egunerokotasuneko egoerak eta behar berriak kontuan hartuta; halaxe egin dugu urtez urte aurrera». Mende erdiko ibilbidea ez da kasualitatea; talde atzeko lan handia dagoela azpimarratu dute zuzendaritzako kideek.
Hasierako urteetan, taldea bera sortuta egon arren, ez zeukaten estatuturik, ezta egitura formalik ere. Hamargarren urteurrenean eman zuten urratsa, nabarmendu dutenez: orduan, estatutuak sortu eta elkartea ofizialki eratu zuten. Gaur egun, kultur elkarte moduan funtzionatzen dute, dagokion zuzendaritza batzordearekin: lehendakaria, kontu hartzailea, idazkaria eta dantza irakasleak. Lana taldeetan banatzen dute, guztien artean «antolatuago» aritzeko.
Gainera, taldearen jarduna ez da nagusien entseguetara mugatzen. Izan ere, kideen erdia baino gehiago haurrak dira, eta horrek «lan handia» eskatzen du. Urte osoan zehar antolatzen dituzten ekitaldiekin, Aratusteetatik Gabonetara arte luzatzen den egitaraua osatzen dute, horrela «herriarengana hurbiltzeko».
Taldearen izenak adierazi legez, elkartasuna oinarrizko balioa da Alkartasuna Dantza Taldean. Entseguak, bilerak, ekitaldiak eta bidaiak medio, ordu asko pasatzen dituzte elkarrekin, eta horrek harreman estuak sortu ditu: «Dantzari esker, familia bat sortu dugu». Familia hitzak bi zentzu hartzen ditu beregain: batetik, talde barruko giro estua; bestetik, belaunaldi arteko jarraipena. Izan ere, taldekide askoren seme-alabak ere gaur egun dantzan dabiltza, eta hori «seinale ona» da.
Zutabe nagusiak
Alkartasunaren oinarrian daude euskal kultura, tradizioa eta euskara. Horiek dira kide guztiek partekatzen dituzten balio nagusiak. Baina beste hainbat ere lantzen dituzte: familia sentimendua, elkarlana, errespetua eta diziplina. Gazte-gaztetatik barneratuta, urteekin «taldekideen baitan errotzen» dira.
Euskal dantzen egoerari dagokionez, Busturialdean «osasuntsu» ikusten dute panorama. Eskualdean dantza talde ugari daude, askok urte ugari daramatzate lanean. Adibidetzat jarri dute urteroko Busturialdeko Dantzari Eguna, adin guztietako dantzariak biltzen dituena. Halere, erronkak ere badaude: egungo gizarteak aisialdirako aukera asko eskaintzen dizkie gazteei, eta horrek zaildu egiten du euskal dantzen aldeko hautua: «Gure lana da hautu hori egiten duten gazteak ez galtzea».
Egonkortuta
Urteek eman dioten ibilbideari esker, Alkartasuna Dantza Taldea errotuta dago Bermeoko kultur eskaintzan. Dantza oinarri hartuta, denetariko ekimenak antolatzen saiatzen dira, ahalik eta publiko zabalenera iristeko. Horren adibide da taldearen egungo argazkia, 5 eta 13 urte bitarteko 74 gaztek eta 50 bat helduk osatzen baitute taldea: «Urtez urte aldaketa txikiak izan ditugun arren, egonkortasunari eusten diogu, zorionez».
Dantza taldearen urteurren berezia ospatzeko egitaraua prestatu dute. Asmoa da urte osoan zehar hainbat ekimen antolatzea eta bultzatzea. Aurreratu dutenez, besteak beste, taldearen sare sozialen bidez jakinaraziko dituzte antolatzen dituzten ekimen berriak. Hori bai, argi eta garbi dute ospakizunek helburu argi bat izango dutela: azken 50 urteetako lana balioan ipintzea eta taldearen ibilbidean parte hartu duten guztiei aitortza egitea.
Mende erdia igaro da Bermeoko institutu zaharrean sortutako ideia hartatik. Ordutik, dantzak eta elkartasunak belaunaldiak batu dituzte Alkartasunan, eta badirudi erritmoak luzerako daukala oraindik.https://busturialdea.hitza.eus/2026/05/15/50-urtez-herria-dantzan-jartz…



