Badator dantzek eta kantek girotuko duten Euskal Jaia

Hamabigarren Euskal Jaia ospatuko dute bihar, Gernikan. Hizkuntza eta kultura aldarrikatzeko egunean, Kultur Etxetik jaurtiko dute pregoia Piratak Herri Kirol Taldeko ordezkariek. Goizetik gauera, gozatzeko aukera edukiko dute herritarrek.

Ohiturak plazaratzeko eguna izan ohi da urriko lehenengo zapatua Gernika-Lumon. Goizetik hasita, euskal ohituren agertokia izaten da herrigunea, eta bihar ere tradizioek jantziko dute plaza.

Baserritar arropekin aterako dira herritarrak, euskal musikak girotuko du udalerria, txistulariek doinuz beteko dituzte txokoak, eta herri kirolek hartuko dute kalea. Hamabigarren urtez, goizetik gauera arteko egitaraua antolatuko dute, eta jai girorik ez dela faltako ziurtatu dute.

Iaz Maiteder Olano Segundo Olaeta Musika Eskolako zuzendariak bota zuen pregoia, eta aurten Piratak Herri Kirol Taldea izango da arduraduna; euren ibilbidea nabarmendu gura izan dute antolatzaileek. 12:00etan, Kultur Etxetik irakurriko dute pregoia, eta jarraian jaurtiko dute txupina; iaz Merkuriotik jaurti zuten, baina, aurten, leku aldaketa horregaz hasiko da jaia.

Txupina jaurti aurretik, baina, azoka bereziaz gozatzeko aukera egongo da; izan ere, 09:00etarako zabalduko dute sukalkia eta Errioxako ardoa protagonista izango dituen azoka, Merkatu Plazan. Bertan, hamabi ekoizleren produktuak dastatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Halaber, artisauek euren produktuak izango dituzte salgai.

Pregoiagaz batera, musikak girotuko du herria; izan ere, Euskal Herriko abesbatzen, Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleen eta fanfarrearen doinuak entzungo dira. Gazteak txistulariak, Busturialdeko gaiteruak eta trikitilariak ere aterako dira kalera.

Euskal dantzei, lekua. Euskal tradizioari jarraiki, euskal dantzak ere ikusi ahalko dira udalerrian. Elai Alai dantza taldeak Idiazabaleko Axari dantza taldeagaz batera ikuskizuna eskainiko du.

“Azken urteetan Euskal Jaiak Euskal Herriko dantzari egunagaz bat egin du, eta zaila izan da dantza taldeak udalerrira ekartzea”, diote dantza taldeko ordezkariek. Ondorioz, azken bi urteetan eurek bakarrik dantzatu dute. Hala, baina, aurten bi taldeak batera ariko direlako “pozik” daude: “Betiko ibilbidea jarraituko dugu. Herrigunean zehar buelta eman eta Merkurion bukatuko dugu. Oinez goazela zein geldialdiak egingo ditugu, eta horietan elkarregaz dantzatuko dugu”.

Biharko kalejiran parte hartzeko deia egin diete dantza taldeko ordezkariek herritarrei. Eta bertan egon gura dutenek gaur 19:30ean Pasealekuan dute dantzak prestatzeko saioa.  

Erregelak ere dantzatuko dituzte Elai Alaiko dantzariek. Hala herrikoa zein Busturialdekoa den tradizio hori berreskuratzeko lanean jarraitzen dute: “Euskal Jaia antolatzen hasi zenean, Erregelak berreskuratzeko helbura jarri genuen. Gure tradizio eta dantzak balioan jartzea, alegia. Dantza autoktono horri duen garrantzia eman behar zaio”.

Euskal dantzen ikuskizuna bukatuta, dantzekin jarraituko dute. Izan ere, Kukai eta Brodas Bros taldeko kideek Topa ikuskizuna eskainiko dute. Kalea da dantzari horien bizi esparrua, eta euskal dantza eta hip hop-a uztartuko dituzte Merkurio inguruan.

Kirolaz ere gozatu ahalko dute herritarrek Euskal Jaian. Horretarako, urtero legez, Artekalera joan beharko dute herritarrek, bertan egingo baitu Pirata Herri Kirol Taldeak erakustaldia.

Herri bazkaria. Eguerdian, urtero legez, Merkatu Plazara joango dira herritarrak, eta herri bazkarian elkartuko dira. Indabak, bakailaoa eta postrea jango dituzte, ardo eta kafeagaz lagunduta. Bazkalostean ere festak jarraituko du.

Kittu fanfarreak kaleak musikatuko ditu iluntzean, eta gauean, berriz, Zirkinik Bez taldeak hartuko du horien erreleboa Pasealekuan.

Euskal hizkuntza eta euskal kultura aldarrikatzen dituen jaia da biharkoa, eta euskal jantzi eta zapiekin kalera ateratzeko deia egin dute antolatzaileek. Euskal Jaiko zapiak Turismo Bulegoan, Auzokoa Tabernan, Lagun Etxea tabernan eta Etxarte kafetegian erosi ahalko dira.

EGITARAUA:

09:00. Azoka berezia, Merkatu Plazan. Sukalkia eta ardoa.
10:00-14:30. Umeen txokoa, Merkatu Plazan, Uragaz.
12:00. Pregoia, Piratak Taldearen eskutik.
12:00. Agurra eta txupina, Kultur Etxetik.
Ostean. Kupel zabaltzea eta sagardo eta intxaur eskaintza, Merkurio iturrian. Taloen txosna ere egongo da.
Eguerdian. Urdaibai Kantagunearen kalejira. Elai Alai eta Axari dantza taldeen ikuskizuna. Segundo Olaeta Musika Eskolagaz trikitilarien kalejira eta Gazteak txistulariak eta Busturialdeko gaiteruak eta trikitilarien emanaldia. Gargantua ere egongo da.
12:30. Kukai Dantza taldearen Topa ikuskizuna, Merkurion.
13:00. Herri kirolen erakustaldia, Artekalen.
13:30. Erregelak, Elai Alai dantza taldearen eskurik, Merkurion.
15:00. Herri bazkaria, Merkatu Plazan.
Bazkalondoan. Kantak eta dantzak Urdaibai kantaguneagaz eta Elai Alai taldeagaz.
15:30-19:30. Umeen txokoa, Merkatu Plazan, Uraren eskutik.
19:30. Kittu fanfarriagaz kalejira Merkatu Plazatik Eriaraino, udalerriko kaleak zeharkatuz. Don Tello, Domingo Alegria, San Juan, Artekale, Juan Kaltzada, Alondegia, Industria, Pablo Picasso, Andra Mari eta Barrenkale zeharkatuko dituzte.
21:30. Erromeria Zirkinik Bez taldeagaz, Pasealekuan.

https://busturialdea.hitza.eus/2019/10/04/badator-dantzek-eta-kantek-girotuko-duten-euskal-jaia/?fbclid=IwAR1ps9mDc7x8LFBtIhj6_PjOmOffqdBbxjzl_Nvltvy9k7P7eugKDnKd0fE

hitza.eus
4 Octubre 2019