Txoriak dantzan Astrabuduko inauterietan

Trabudu Dantzari Taldeak bigarren urtez egingo du Dantzxori Gure Aratusteak ikuskizuna inauterietan, martxoaren 1ean. Hegaztiak izango dira protagonista, Txorierri auzoko faunaren ezaugarri nagusi baitira. Ordubeteko emanaldia izango da, Mendiguren plazan.

“Joan den urtean oso asmo handiko proiektua sortu genuen, ordura arte udalerrian egin dugun garrantzitsuenetarikoa”, diote Trabudu Taldekoek. Dantzxori Gure Aratusteak ekitaldia egin zuten lehenengoz, Erandio ezaugarritzen duen antzezlana sortuz. Txorierriko hezegunean girotzen da obra, eta urtero babes bila datozen hegazti-espezie migratzaileak dira pertsonaia nagusiak. Aurten metafora errepikatuko dute.

“Herriarekin identifikatzen gaituen eta gure historia kontatzen duen ospakizuna sortu dugu inauterietarako”, diote Trabuduko kideek. Abagunerako musika eta dantza bereziak ere sortu dituzte.

Gainera, beste ukitu bat gehituko diote aurtengo antzezlanari, gizakiok kutsaduraren arriskuaz ohartu gaitezen. “Dena zikina dago, iluna. Ez dago animalia-espezieen arrastorik”, horrela dio antzezlanaren sinopsiak. Protagonistak “lurra sendatzen” saiatuko dira haien botereen bitartez, dantzak eta musikak lagunduta.

Kalejira egingo dute antzerkia baino lehen, Josu Muruetatik Mendiguren plazaraino, 19:30ean. Dantzxori Gure Aratusteak Mendiguren plazan bertan antzeztuko dute, 20:00etan.

https://hiruka.eus/erandio/1550742957220-txoriak-dantzan-erandioko-inaut...

hiruka.eus
Osteguna, Otsaila 21, 2019