Iurretak bost urterik behin egiten duen Urrijena jai eguna ospatuko du asteburuan eta bi berrikuntza nabarmenekin gainera. Alde batetik, neskak Dantzari-dantza egingo dute lehenengo aldiz gizonekin batera; eta bestetik, orain arteko egindako edizioak domekan izan badira ere aurten zapatuan ospatuko dute.
Lehen berrikuntzarekin Ijorretako jaietan Dantza Taldeak emandako pausuari jarraipena emango diote Urrijena egunean ere, eta gaur egun dantzari aktibo diren gazteak (neska zein mutilak) Dantzari-dantzan parte hartuko dute. Beraz, “lehenengo urtea izango da Urrijena egunean emakumeak zuriz jantzita plazan ikusiko ditugula”, antolatzaileen esanetan.
Duela bost urtetik hona emakumeek egin dituzten aurrerapausoak naturaltasun osoz eman dira herriko jaietan eta, ondorioz, “Urrijenako batzordeak naturalki pauso horiei jarraitzea” erabaki du. Aldaketa horrekin eta “pausoak ematen jarraituz gero hain beharrezkoa den parekidetasunetik gero eta hurbilago egongo gara”.
1989. urtean hasi ziren ospatzen iurretarrak Urrijena jai eguna eta 2014. urtera arte gizonek bakarrik egiten bazuten dantzan, urte horretatik aurrera herriko dantzari izandako gizon zein emakumeak azaltzen dira plazan dantza egiteko.
Egitaraua
Aurtengo Urrijena eguneko egitaraua goizeko 9:15ean hasiko da Belakortun zerrategiko aparkalekuan partaide guztiak bilduko direnean taldeen argazkia ateratzeko. Ordu bete geroago kalejira egingo dute aparkalekutik plazara, herriari buelta emanez.
11:00etako Meza Nagusia amaitu ondoren, Dantzari-dantza eta Gorulari dantza eskainiko dituzte partaideek eta jarraian 65 urtetik gorakoek omenduko dituzte. Dantza saioari amaiera emateko andra eta gizonen Soka-dantza eskainiko dituzte.
Eguneko egitaraua borobiltzeko bazkaria egingo dute Askondoko karpan eta 18:00etatik aurrera Luhartz taldeak girotuko duen erromeriarekin amaituko da jai eguna.
http://www.durangon.com/emakumeak-lehenengo-aldiz-egingo-dute-dantzari-d...