Trabudu dantza taldea: "50. urteurrena esanguratsua da, baina 51.a are esanguratsuagoa da"

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 22a

Trabudu dantza taldea: "50. urteurrena esanguratsua da, baina 51.a are esanguratsuagoa da"
Trabudu Astrabuduko dantza talde ezberdinen batuketatik sortu zen.

Mende erdi igaro da Trabudu Dantza Taldeak lehen urratsak eman zituenetik, eta Astrabuduako kaleetan oraindik piztuta dirau lehen egunean sortutako suak. "50 urte betetzea ohore handia da guretzat", diote taldekideek, jakitun ez dela erraza halako ibilbideari eustea, are gutxiago gaur egungo eskaintza zabalaren testuinguruan.

Hala ere, bada denborak higatu ez duen zerbait: lanerako grina. "Sekretua lana, lana, lana eta berriz ere lana da", diote labur. Ez da esaldi hutsa, urteetan ehundutako jarrera baizik. Eta lan horrek herria bera izan du sostengu gisa. Hots, boluntarioak, familiak eta belaunaldi desberdinak uztartuz, "Trabuduk komunitate oso baten babesa izan du hasieratik".

Bide horretan, urratsak ez dira txikiak izan. Urteotan, agertoki handiak zapaldu dituzte —Guggenheim, Bilbao Arena edo Euskal Museoa—, baina sustraiei eutsi diete. Are gehiago, herritik sortutako ekimenek nortasun berezia eman diote taldeari; Dantzxori edo aurten antolatutako euskal ezkontza, kasu. "Euskal kultura herrira ekartzea" izan da beti haien xedea, eta bide horretan aurrera egiten ari direla uste dute.

Ez dira, ordea, iraganera begira geratu. Gaur egun, erronka nagusia gazteak erakartzea eta taldean mantentzea da. "Testuingurua aldatu da, baina konpromisoa bere horretan mantentzen da". Horren erakusgarri da azken hilabeteetan bizitakoa: eguraldiagatik Dantzxori ikuskizuna bertan behera utzi behar izan zuten. "Inpotentzia" izan zen lehen erreakzioa, baina egoerari buelta ematen jakin izan zuten: martxoaren 8an kalera atera ziren, formatu berrian. Hortik harago ere egin dute jauzia; izan ere, ikuskizuna Hendaian aurkeztu dute, "ilusio handiz", eta euren lana "mugetatik haratago" ere baloratua dela sentituz.

Balioei dagokienez, haria ez da inoiz eten: "Gure oinordetzarekiko dugun errespetua eta gure kultura bizirik mantentzeko dugun konpromisoa" izan dira gidari.

Horregatik, 50. urteurrena ez da soilik ospakizun bat. Bada, aldi berean, atzera begiratzeko une bat: hasierako pauso haiek eman zituztenak gogoratuko, eta belaunaldi desberdinak batuko dituen alardea prestatzen ari dira: iragana eta oraina dantzan, etorkizunari begira.

Eta etorkizun hori da, hain zuzen ere, taldekideek buruan dutena: "50. urteurrena esanguratsua da, baina 51.a are esanguratsuagoa da". Izan ere, ospatzea garrantzitsua bada ere, jarraitzea da benetako erronka.

Agian, horregatik da Trabudu dantza talde bat baino zerbait gehiago. "Bizimodu bat" dela diote: konektatzeko modu bat, deskonektatzeko aitzakia, eta mundua beste modu batean ikusteko leiho bat. Hor dago, akaso, bost hamarkadako ibilbidearen muina. Eta horregatik, 50 urteak ez dira helmuga bat, hasiera bat baizik.

https://hiruka.eus/erandio/1776772873939-trabudu-dantza-taldea-50-urteu…

hiruka.eus