Irailaren 19tik 25era Euskal Astea egingo du Trabudu Dantzari Taldeak, bigarrenez

Trabudu Dantzari Taldea 40. urteurrena ospatzen dabil aurten; ekainean egin legez, irailaren akabuan ere Euskal Astea egingo dute Astrabuduan. Hala, hilaren 19tik 25era, Trabuduren historia lau haizetara zabaldu gura dute. Astelehenenetik barikura argazkien erakusketa egongo da, Josu Murueta kultur etxeko erakusketa-aretoan; irudiak kalera aterako dituzte, Jose Andres Mendiguren plazara, aste-akabu horretan.

© TRABUDU DANTZARI TALDEA | Ikusi handiago | Argazki originala

Horrez gainera, irailaren 24an, zapatua, haurrentzako jolasak (11:00) egongo dira, Jose Andres Mendiguren plazan; eta 12:30ean triki-poteoa egingo dute. Arrastian, berriz, Astrabuduko futbol zelaian dantzatuko dute. Guztira, 300 lagun inguru batzea espero dute; izan ere, 40 urte hauetan Trabuduko kide izandakoek osatutako nesken zazpi taldek eta mutilen beste hamarren batek dantzatzea lortu gura dute. Lehenengo, kalejira (18:30) egingo dute, Inazio Aldekoa ikastetxetik, eta, gero, dantzaldia (19:00); afariaren ostean, berriz, Garilak 26 erromeria-taldeak joko du, gaueko 11:00etan, Mendiguren plazan. Amaitzeko, domekan, Euskal Azoka eta Euskal Ezkontza (11:00), herri-bazkaria (15:00) eta Patxi eta Konpainiaren erromeria antolatu dituzte.

http://hiruka.eus/erandio/1474025546339

hiruka.eus